Saltar al contenido principal
GIPUZKOA
ContactaMapa Web

Ahalduntzeari bide emanez

viernes 16 de marzo de 2018 Tolosaldeko ataria

Saiaz Mankomunitateak ia mende laurden darama jada parekidetasun politikak lantzen. Elena Rikondo gizarte langilea sorreratik bertatik ari da lanean

Ilusioz gainezka gaude bide honetan jarraitzeko”. Elena Rikondoren hitzak dira; Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte langilea da. Otsailaren 14an, Gipuzkoako Foru Aldundiak Berdinbidean programaren jardunaldia antolatu zuen, eta Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak han aurkeztu zuen azken 23 urteotan emakumeak ahalduntzen egin duten lana. Albiztur, Beizama, Bidania-Goiatz eta Errezilgo udalerriek osatzen dute mankomunitate hori: “Oso aurkezpen grafikoa izan zen, eta argi gelditu zen urteotan zenbat emakumek parte hartu duten ahalduntze prozesuetan”, azaldu du gizarte langileak.

Mankomunitatea sortu zutenetik ari da Rikondo bertan lanean. “Jendea elkartzeko gune bila hastea eta horretarako zer ekintza egin genitzakeen pentsatzea: horixe izan zen lehenengo egitasmoa”. Eskulan eta yoga ikastaroak, guraso eskola, helduen eskola… Horrela hasi ziren bidea egiten, eta azken hori “oso positiboa” izan zela aitortu du Rikondok berak: “Prestakuntza falta sumatzen zen hasieran, jendea oso gazterik hasi zelako lanean”. Alde horretatik, helduen eskolak klinikako laguntzaileen ikastaroa antolatzeko balio izan zien. “Eta, gerora, 2003an, mankomunitateko etxez etxeko langileen talde batek Hots Atsegin zaintza enpresa sortu zuen”.

Etxez etxeko laguntzan eta eguneko zentroetan lanean ari den enpresa horren sorrera nabarmendu du Rikondok: “Hots Atsegin enpresan hamar langile aritzen dira lanean, eta haien lanari esker sustatu da enplegua. Ahalduntze prozesu bat dago hor: sinestea gai zirela enpresa aurrera ateratzeko”. Gero eta langile gehiago dauzkate, eta enplegua sortzen jarraitzen dute. “Langileek inplikazio handia daukate, eta eskertu beharrean gaude, mankomunitatearen izenean”.

2008an egin zuten diagnostikoa ere “pauso garrantzitsua” izan zen. “Gizon eta emakumeen berdintasuna zertan zen jakin nahi genuen”. Ordura arte ez zen ohikoa herri txikietan horrelako diagnostikoak egitea. Azterketa horretan ikusi zuten emakumeek “ziurtasunik gabeko enpleguak” zeuzkatela. “Beste batzuek adinekoen eta umeen zaintza lanak egiten zituzten etxeetan, eta baita baserriko lanak ere”. Alde horretatik, Rikondok nabarmendu du emakumeek zailtasunak zituztela mugitzeko, baserrien arteko sakabanaketaren eraginez. “Eta gaur egun ere izaten dituzte zailtasun horiek”. Biztanleei dagokienez, diagnostikoak agerian utzi zuen “oso zahartua” zela, “eta nahiko maskulinizatua”. Bestalde, ondorioztatu zuten “banaketa eskasa” zegoela etxeko eta familiako eginkizunetan, eta emakume gutxi izaten zirela parte hartze esparruetan; elkarteetan eta kirolean, adibidez. “Nabarmen gelditu zen politikan ere eskasa zela emakumeen parte hartzea”.

Bidea eginez, I. Berdintasun Plana jarri zuten martxan 2011n. “Indar handia eman zitzaion zaintzari, eta baita, parte hartze soziopolitikotik, emakumearen ahalduntzeari eta genero indarkeriaren gaiari ere”. Rikondoren esanetan, lan handia egin zuten zaintzaileen prestakuntzan. “Eta genero ikuspegia kontuan hartuta prestatu genituen etxeko zaintzaileak zein profesionalak”.

Kirolarekin zerikusia daukaten hainbat ekintza ere egin dituzte urteotan. Esaterako, emakume kirolarien bizipenak jaso zituzten mahai inguru batean. “Gogorra izan zen entzutea adin jakin batera iritsita zenbat oztopo eta arazo dituzten kirolean jarraitzeko; zein zaila den unibertsitatea eta kirola uztartzea; zenbateko desberdintasunak dauden mutilen aldean…”. Kros mistoak ere antolatu izan dituzte, eta baita Bidania-Goiatz eta Errezilen arteko kirol erronkak ere. “Neska kirolari gazteak animatu izan dira parte hartzera, nahiz eta ez den erraza jendearen aurrean aritzea”. Kirol mahaia ere osatu dute genero ikuspegia kontuan izateko, eta hor ere hainbat eragilek parte hartzen dute.

Politikagintzan, aldaketak

Beste egitasmo bat ere nabarmendu du Rikondok: kafe tertuliena. Hainbat belaunalditako emakumeak elkartu izan dira bertan, parekidetasunaren inguruan gogoeta eginez eta bakoitzak bere esperientziak kontatuz. Urteotan aldaketa asko izan da politikagintzan. “Eta, diagnostikoan parte hartze eskasa izan bazen ere, gerora ikusi dugu ekintza haietan parte hartutako hainbat emakume alkate eta zinegotzi postuetara iritsi direla”. Prestakuntza saioak ere egin dituzte Berdinbidean programari esker.

Batean eta bestean, hainbat ekimen egin dituzte urteotan, eta Rikondok azpimarratu du “oso interesgarria” izan zela, adibidez, 2015ean Bidania-Goiatzen egindako Iraganari hautsa kenduz izeneko dokumentala. Adinekoek euren bizipenak azaltzen dituzte bertan. “Emakumeak ziren ia denak. Zer kontatu behar zuten galdetzen ziguten, eta kontatzeko asko zutela erantzuten genien guk. Ahalduntze prozesu bat egin zen hor. Herri osoaren aurrean egin zen aurkezpena, eta esanguratsua izan zen herritar horiek pantailan agertzea”.

Rikondok dio gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak “leku guztietan” daudela. “Landa eremuan gehiago ikusten dira desberdintasunak zein gauza onak. Egia da baserrien eremuan, tradizioz, genero arloan rolak oso markatuta daudela, baina hiriguneetan ere horrelako familia asko daude”. Uste hori deuseztatu nahi du Rikondok: “Denbora igaro ahala, herri txikietako zenbait emakumek handietan egin ez diren ahalduntze prozesuak egin dituzte. Asko daukagu egiteko, toki guztietan”. Etorkizunean zer egin daitekeen proposatu du: “Norbera bere ingurunean kokatu, zailtasunak zein diren ikusi, lanketa bat egin, eta jende gehiago inplika dadin saiatu”.

Texto del enlace…

Comentarios

Aún no hay comentarios